Seigarren edizioa izanen da aurtengoa, eta irakurzaletasuna bultzatzea eta euskarazko liburuak irakurtzeko ohitura zabaltzea izanen du helburu. Euskaldunen elkarteen, Udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker abiatu dute kanpaina.
Topaguneak Hego Euskal Herriko hamabost herritan abiatu du "Irakurri, Gozatu eta Oparitu" kanpainaren seigarren edizioa. Horretarako, tokian tokiko euskaldunen elkarteen, Udal liburutegien eta liburu denden babesa jaso du. Helburu nagusia herritarrak euskaraz irakurtzera bultzatzea izanen da. Gaur hasitako kanpainak bi hilabete iraunen du.
Eman beharreko urratsak azaldu ditu Topaguneak: "Lehen pausoa irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu. Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun... Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu-dendan erabiltzeko. Azken urratsa liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati... edo, zergatik ez, norbere buruari".
Edizio honek berrikuntzak izanen ditu: Bi zozketa eginen dira liburutegi bakoitzean, maiatzean eta ekainean parte hartuko duten irakurleen artean. Sariak erosketa-txekeak izanen dira. Horiekin batera, tokiko elkarteek egitasmoaren inguruan hainbat ekintza antolatuko dituzte: solasaldiak idazleekin, liburu azokak, ipuin kontaketak eta abar.
Non?
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean